Español | Euskara

Errepublikaren kontrako altxamendua 1936ko uztailaren 18an hasi zen. Kontuan izan behar dugu giro politiko oso nahasia zegoela. Altxamenduaren alde tradizionalistak eta karlistak irten ziren; Urduñan eta Laudion karlisten kopurua dezente handia zen, Amurrion, ordez, ezkerrekoak (sozialistak) eta abertzaleak nagusi ziren. Aiara udalean gerra hasi bezain laster batzuek – %20 izan daiteke-, etxetik alde egin zuten altxamenduaren alde egiteko.

Uztailaren 19a igandea zen, eta Amurrioko dantzaldian Baranbioko batzuk pistolaz agertu ziren eta dantzaldia gelditu egin zuten; Baranbiokoak gero Laudiora joan ziren eta han, Guardia Zibilak errepublikaren aldekoak zirenez, atxilotu egin zituzten.

Aiaran (Amurrioko Sektorea, Baranbioko Sektorea) lehenengo soldaduak milizianoak ziren, gehienak komunistak eta sozialistak, Bizkaiko meategietatik etorritakoak. Gero, hilabete batzuk beranduago, abertzaleak aurreko horiekin bat egin zuten. Hemengo aldean borroketako egun bortitzenak abenduaren 6, 7 eta 8a eta 1937ko maiatzaren 26 eta 27a izan ziren, Berazako San Pedro gerra-tokian, gutxi gorabehera, 300 hildako izan ziren. Azkenean, frankistek gudaroste hobeagoa zeukatenez, eta Alemaniako eta Italiako hegazkinen laguntzarekin, ekainaren 18an Bilbora sartu ziren, eta Amurriora ekainaren 20an. Hemengo gudariek ez zeukaten formazio militarrik, eta esan daiteke gerra honetan atzealdean egon zirela. Egun batzuk beranduago Araba Batailoia, menperatuta izan ondoren, entregatu egin zen, eta Euzkadi Buru Batzarrak, gudarien egoeraz kezkatuta, frankistekin negoziatu behar izan zuen gudariek gutxieneko zigorra jaso zezaten.