Gorbeiako artzainak dokumentala.
Gorbeiako artzaintzaren iragana, oraina eta etorkizuna
Gorbeiako artzainak. Gorbeiako artzaintzaren iragana, oraina eta etorkizuna dokumentalaren proiektua Euskadiko mendigune nabarmenentzat hartutakoan (Gorbeia) artzaintzaren urteko zikloa jasotzeko helburuarekin diseinatu da.
Dokumentalak antzinako lanbide horren historia, jatorria, bilakaera eta etapak erakutsiko ditu, baita orainaldia, egungo errealitatea eta, modu nabarmenean, etorkizunerako dituen perspektibak ere.
Lehenengo bloke horren grabazioak duela egun gutxi amaitu dira, eta artzain beteranoen lekukotza jaso da, laurogeitaka urtekoena kasu batzuetan, hala nola Luis Larrea edo Enrique Etxebarriarena. Hain zuzen, horiek beren artaldeak igotzen jarraitzen dute Austigarmin eta Arrabara, hurrenez hurren, eta gazta egiten dute. Edo Jose Mari Olabarri, El Rubio, artzainarena. Itxinako artzain ospetsu horrek bere lanbidean jarduten jarraitzen du Urigoitiko baserrian. Horiek eta beste batzuek, adibidez Javier Aldamak, Manu Bilbaok edo Juantxu Astondoak, urte latzak ezagutu eta bizi zituzten, oinarrizko harrizko etxolen eta karburozko kriseiluen garaiak, mendiak oinez igo behar ziren eta mendietan hilabete luzeak egin behar izatearen garaiak. Dokumentalean ez dira ahazten artzaintza bizimodu izan zuten emakumeak, hala nola Paula Menoyo, oraindik ere bere artaldea zaintzen duena Amezaga-Zuian. Gainera, belaunaldi berrietako artzainen lekukotzak ere jaso dira, esate baterako Iñaki López eta Belén Etxebarriarenak (Etxaguen), Maribel Alavarena (Zestafe) edo Aitor Azkuetarena (Zeberio). Artzaintzaren ikuspegi berriaren adibidea da Iñigo Gracianteparaluzea (Zaitegi); hilabete gutxi barru irekiko du ahuntzen ustiategi bat.
Horien guztien lekukotzarekin batera, mendiguneko hainbat eremutako irudiak jaso dira, hala nola Arraba, Itxina, Oketa edo Austigarmin guneetakoak.
Proiektuaren talde teknikoa hauek osatzen dute: Jose Luis Urrutia, gidoiaren diseinua eta zuzendaritza; Karlos Trijueque (TAOM), grabazioa, edizioa eta postprodukzioa; Santi Yaniz, argazkilaritza finkoa eta dronea; Txarly Marqués, produkzioa eta logistika; eta Enrique Arberas biologoa, aholkularitza eta landa-logistikako eginkizunak. Proiektuaren atzean, Luiso López Martínez eta Jesus Angel Santa Cruz Letona sustatzaileak daude.
Prentsaurrekoan talde sustatzailearen eta teknikoaren zati bat egongo da, baita proiektuaren benetako protagonistetako batzuk ere: belaunaldi desberdinetako artzainak.
Prentsaurrekoan dokumentala sustatzeko prestatutako teaser-a proiektatuko da.
AZTARNA. Aztarna Elkarte Etnografikoa Amurrion sortu zen 1988an, udalerriko eta eskualdeko bizimodu, tradiziozko usadio eta ohituren ikerketa sustatzeko eta hedatzeko asmoz, baita horien bilakaera ere: herri-arkitektura, aztarna arkeologikoak, tokiko toponimia…
Era berean, Museo Etnografikoa abian jartzeko helburua zuen, eta gauzatutako ikerketei eta jarduerei buruzko liburutegi bat sortzea.
HARREMANETARAKO DATUAK
Jose Luis Urrutia
Telefono mugikorra: 667 456 224
Helbide elektronikoa: urrutiayales@gmail.com